Azken Muga jaialditik datorren erakusketaren testuinguruan, ostiralean hainbat artistek Larraungo ikasleekin tailer bat egingo dute eta arratsaldean ‘Eskultura gaur egun Euskal Herrian’ izeneko hitzaldia izango da.
AZKEN MUGA jaialditik “20,20,20 – Veinte, hogei, vingt” izeneko erakusketa Zarateko muinotik Larraunera ekarri dugu eta urriaren bukaerara arte Gabari gune irekian ikusgai dago, gaurko euskal eskulturagintzaren erakuspen zabal bat biltzen duena.
Erakusketa hau, datorren urteko ekainera bitarte, Euskal Herriko bederatzi herri eta hiri zeharkatuko dituen erakusketa ibiltari baten parte da. Ekimen honekin 1971n Barakaldon egin zen euskal eskultoreen lehen erakusketa kolektiboa gogoratu nahi dute, “La Indiscriminada” izenez ezagutzen den Euskal Artearen erakusketa, non 32 eskultorek parte hartu zuten. Gaur, 50 urte geroago, 82 artista bildu dira urte hauetako lan guztia aldarrikatzeko, beren hitzetan “gure obra erakusteko eta eskulturak gure herrian iragan hurbilean izan duen garrantzia berreskura dezan saiatzeko”.
Haur eta helduentzako jarduerak
Erakusketaren testuinguruan artistekin batu eta elkar eragiteko aukera ere izanen da. Batetik, ostiral goizean eskolako haurrak eskulturgintzara hurreratzeko ekimena izango da. Lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleek zenbait artistekin zuzenean erakusketa ikusi, hura komentatu eta tailer bat egingo dute.
Bestalde, ostiralean 19:00etan ‘Eskultura gaur egun Euskal Herrian’ izeneko hitzaldia izango da Koldobika Jauregi, Faustino Aizkorbe, Guillermo Olmo eta Luisa Aldaburu artisten eskutik.
Azken jarduera ordea urriaren 30ean, larunbata, izango da. 12:00etan eskulturen interpretazio saio interaktiboa izango da Mikel Mendizabal eskultorearen eskutik.
20, 20, 20 erakusketa urriaren 31ra arte ikusteko aukera dago Larraunen, ostiraletan 18:00etik 20:30era eta larunbat eta igandetan 11:00etatik 13:30era.