Skip to content

Etxarri

Etxarri

Aldatzetik zertxobait mendebalera, goi-lautada berean eta Mendigibel mendiaren hegalean, Etxarri dugu. 67 biztanle ditu (INE, 2019) eta 650 metroko altitudean dago. Etxeak maldan daude, Aralar eta Malloak mendien bista ezin hobeak dituztela eta herriaren goialdean XVIII. mendeko San Migel eliza eta pilotaleku irekia daude. Behealdean, berriz, jolastokia eta urtero ehundaka ume jasotzen dituzten koloniak.

Etxarriko etxeak, bailarakoen estilo berekoak, handiak dira. Teilatuak, oro har, bi isurikoak dira eta silarriak kantoi, bao eta portadetan ageri dira. XVIII. mendean eraikiak izan ziren. Hala ere, bada lau isuriko teilatua duen XIX. mendeko etxe kubikorik ere. Ia guztiek dituzte XVIII. mendeko armarri ederrak.

Horiez gain, aipatzekoa da Elizaren ondoan, herriari begira, dagoen konjurotoki deituriko egitura; harrizko lau zutabe eta horiek eusten duten lau isuriko teilatutxoa, alegia. Lehen, konjuru edo araoengan fede sutsua zegoen hainbat konponbidetarako, ekaitz eta kazkabarraren aurkako bide eraginkortzat jotzen zen, behintzat; hori dela-eta, zerbitzu horren truke ordaina eskatzen zuten apaiz, sakristau edo konjurugileek, beti ere salgaietan: oiloak, gaztak, arbiak… Gizakiak menderatu ezineko naturaren indarren mehatxuaren aurrean, bide esoterikoetara jo izan da historikoki.

Bestalde, herri barrutian, Aldatz eta Arruitzerako errepidearen ondoan eta bi herri hauekiko mugan Santa Kruz baseliza dago.

Amaitzeko, Etxarrin ardi-gazta ekoizten da, kolonien azpiko gaztandegian

Azken Berriak