Skip to content

Aldatz

Aldatz

Arruiztik iparraldera, Basaburuko Ateetatik Etxarriraino eratzen den ibar luze edo goi-lautadan, Aldatz herria dago, Arrizubi mendiaren oinean, itsas mailarekiko 640 m inguruan. Herriak 120 biztanle ditu, Larraungo udalerrian biztanle gehien duen herria delarik (INE, 2019). Gainera, nahiko ongi eutsi diote bizilagun kopuruari, izan ere, asko izan dira herrian geratu edota kanpotik etorri, eta familia bertan osatu dutenak; horrela, haur eta gaztetxoak noiznahi ikusten dira bertako kaleetan barna. Pilotaleku itxia eta parkea ere baditu herriak, beheko aldean.

Aldatz, hainbat filmen eskenatoki izan da. Herrian zein inguruko parajetan (mendian, harrobian…), zenbait pelikula filmatu da, esaterako, Berri Ona (2008) eta Amama (2015).

Aldatzen eraikinak elkarrengandik bereizirik daudenez, leku ireki zabaleko plazatxoak eratzen dituzte. Baina aipagarriena dituen izaera handiko etxe nobleak dira. Gehienak mendiko ohiko baserriak dira: bi isuriko teilatua, harri landua aurrealdean edo izkinetan eta hutsarteetan, puntu erdiko atalburuak, harlanduzko leiho-buru eta karelak, eta zenbaitetan, armarri barrokoak. Azken horiek, Larraun haranak eskuratutako leinu eta pribilegioak gogorarazten dituzte. Horien artean, bi jauregi-etxe nabarmentzen dira: Loperena eta Goldarazena. Horiek, lau isurikoak dira, XVIII. eta XIX. mendeetan eraikiak, aurrealdeak plazarik zabalenari begira dituztela, herriaren erdigunean kokatuak, iturri ederra dagoen tokian. Hori ere, garai beretsuan eraiki zen (1883).

Aldatzen, gainera, agustindar moja-komentu neorromanikoa eta bi eliza daude: batetik, XIII. mendeko antzinako parrokia kubiko gotikoa, gaur egun Santa Luzia baseliza dena, herriko gainaldean dago, hilerriaren erdian; bestetik, Done Martin parrokia berria, 1829an eraikia, neoklasikoa, herriaren erdigunean dago, plazaren aldeetako bat ixten.

Azken Berriak